XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta badudanez, Balkanetako hamaika hizkuntzetan horri buruz diren gauzarik zentzugabekoenak esaten aritzea honekin galaraziko den esperantza, ahaleginduko naiz zubi horren gainean egia guztia, beste modu batera esanda, zer den agerikoetan gezurra eta zer gordekoetan egia, idazten, eta kontatzen horrekin loturaren bat duten eguneroko gertakizunak, jarri dizkioten harriak bezain arruntak, eta hor eman diren nahigabe larriak, dituen arkuak hainbatsu direnak.

Elezaharreko sakrifizioarena Balkanetako lurralde handietan ari dira orain zabaltzen karabanak, eta zubiaren oinetan gertatutzat ematen da hori.

Oso jende gutxik daki jakin, uretako jainkoei eskainitako sakrifizio bat ez baina, hilketa arrunt bat izan zela hura, zer ere salatuko dudan hemen, beste hainbat gertakizunekin batean, gauden mila urteko honen aurrean.

Mila urtekoa esan dut zeren mila baino urte gehiago irauten duten horietako elezaharra baita hau.

Hasi, heriotzarekin hasten da eta harekin bukatu ere, eta badakigu jakin, beste ezerk baino gutxiago, heriotzaren mamiz eratutako hitzek beldurtzen dutela hura.

Presa dut bada kronika hau idazteko, zeren nahasia baitoa bizi garen garaia, eta inoiz baino ilunago ageri da etorkizuna.

Hala ere, zubiko gertakizun ikaragarrien ondoren lasaixeago dabil jendea, eta hala doaz egunak ere, baina beste errainu ilun bat hasi da orain islatzen zeruertzean: turkiar estatuarena.

Ezarian-ezarian bertaraino ari zaizkigu luzatzen hango minareteen itzalak.

Bake gaiztoa, edozein gerra baino makurragoa da hori.

Menderen mendetan greziarren antzinako lurraldeak eduki ditugu mugako...